Gizarte-sare baten parte izatea.
Zergatik izan gizarte-sare baten parte.
Gizarte-saretzat hartzen ditugu herritarrekin edo proiektuaren xede den ingurunearekin lan egiten duten pertsona guztiak. Familia, elkarteak edo gizarte-zerbitzuak.
Kasu batzuetan, lankidetza modu naturalean aterako da, hala nola haur baten amarekin edo aitarekin harremanetan egotea. Baina beste batzuetan, harreman hori bilatu behar da, gizarte-hezitzaileekin edo ikastetxearekin esaterako; eta horrek lan handia eskatzen du.
Gure ustez, lau arrazoi nagusi daude beste eragile eta erakunde batzuekin lan egiteko.
(1) Proiektuaren helburuak lortzeko, askotan laguntza edo ezagutza beharko da.
(2) Agian beste proiektu bat edo antzeko helburuak dituzten beste pertsona batzuk ere laguntza hori ematen ari dira, eta bikoiztu beharrean, nola osatu bilatu beharko litzateke.
(3) Hirugarren arrazoia da proiektu komunitarioan ematen ari den laguntzaz gain, pertsonak edo inguruneak beste premia batzuk ere izango dituela, eta, horregatik, zer laguntza mota jasotzen ari den jakin behar da, eta gabeziaren bat ikusten bada, gizarte-zerbitzuei jakinarazi behar zaie.
(4) Izaera juridikorik ez dutenez, auzolaneko proiektuek zailtasun handiak izan ditzakete legezko alderdi batzuekin edo finantzaketa lortzeko. Beste erakunde baten aterkiaren azpian lan eginez gero, konpon litezke.
Gizarte-sare bat sortzeko edo horren parte izateko arrazoi asko daude, baina muga handi bat dago; izan ere, horretarako, agente guztien denbora eta dedikazioa behar da: erantzunkidetasuna.
Modu erantzukidean lan egiteko estrategiak.
Ezer baino lehen, azpimarratu nahi dugu auzolan proiektu baten arduradunek ez dutela GKEen edo erakundeen baliabiderik izaten. Azken horietan, saretze-lana beren lan-ordutegian egin dezakete askotan; eta are gehiago, sare horren parte izateagatik diru-laguntzak jaso ditzakete. Beraz, seguruenik ez da posible izango beste agenteek hartzen duten konpromezu berdinak hartzea.
Sarea ehuntzeko konpromezua hartu badaiteke, jarraian gako batzuk utziko ditugu sare jasangarri eta eragingarria lortzeko:
(1) Eragile bakoitzak zer aldaketa lortu nahi duen ondo jakitea.
(2) Zer jarduera eta metodologia erabiltzen dituzten ere ulertzea.
(3) Denborak eta helburuak markatuko dituzten liderrak izendatzea.
(4) Norberaren aurrerapena lortzeko ez lehiatzea; guztion ongizatea bilatzea.
(5) Agenteen artean baterako jarduerak egitea.
(6) Lortutakoa ebaluatzea eta hobekuntzak ezartzea.