Oinarrizko lege- eta konfidentzialtasun-alderdiak auzolan proiektuan.
Gure ustez, beti dator ondo beste elkarte baten, fundazio baten, ikastetxe baten, parrokia baten eta beste aterkiren baten babespean lan egitea, IFK funtsezko kudeaketa batzuk egiteko erabili ahal izateko (fakturak ordaintzeko, boluntarioen aseguru-poliza ordaintzeko, dohaintzak jasotzeko, besteak beste). Kudeaketa horiek egiterik ez badago, auzolan proiektuan zaindu beharreko lege-alderdi batzuk daude oraindik.
Horietako bat konfidentzialtasuna da, eta, horretarako, Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrak (DBEO) agintzen duena jarraitu behar da. Gomendagarria da araua zehatz-mehatz ezagutzea, baina, laburbilduz, oinarrizko bost jarraibide utziko dizkizugu jarraian.
(1) Datu pertsonalak biltzeko erabili diren helbururako baino ezin dira ustiatu.
(2) Helburua amaitzen denean, datuak ezabatu egin behar dira.
(3) Datuak babestu behar dira; paperean badaude, giltzapean gorde behar dira; fitxategi digitala bada, pasahitzarekin babestu behar da.
(4) Pertsonak bere datu pertsonalak lagatzeko baimena eman behar du (14 urtetik beherakoa bada, tutoreek baimendu behar dute).
(5) Ez dira datu pertsonalak beste agente batzuekin partekatu behar pertsonaren berariazko baimenik gabe.
Kontuan hartu beharreko beste lege-alderdi bat borondatezko jarduerarekin lotutakoa da. Alde batetik, inork gutxik daki 12 urtetik aurrera boluntariotza egin daitekeenik. Horretarako, adingabearen tutoreek jarduera egiteko baimena sina dezakete (beti ere adin nagusiko pertsona batekin egin beharko dute).
Gure ustez, garrantzitsua da proiektuan parte hartzeko adina ahalik eta gehien zabaltzea, eta aurreiritzirik ez izatea, oso gaztea edo oso heldua izateagatik, pertsona orok baduelako gaitasun berezia eta ekarpena egiteko modua.
Beste kontu garrantzitsu bat da proiektuan adingabekoak badaude (boluntarioak edo hartzaileak), haiekin harremanetan egon ohi diren boluntario guztiek sexu-delituen ziurtagiri negatiboa aurkeztea.
Ziurtagiri hori Internet bidez lortzen da NAN elektronikoa edo CL@VE izanez gero. Bestela, justizia-ministerioaren bulegoren batean eskatu behar da (normalean probintzia-hiriburuetan). Oso praktikoa da pertsona bati baimena ematea talde osoaren ziurtagiriak eskatzeko.
Bestalde, borondatezko jarduera oro hastean, eta ahal dela urtean behin, lanean hasteko akordio bat sinatu behar da, lanean hasten den pertsonaren eskubideak eta betebeharrak erakutsi eta adosteko. Era berean, gogoan izan behar da borondatezko jarduera doakoa dela eta ez duela kosturik ekarri behar jarduera egiten duenarentzat (lekualdaketa izan ezik, oso gutxitan ordaintzen baita, batez ere herri barruan bada).
Elkarte bat sortzeko bidean.
Elkarte bat sortzerakoan burokrazia handia dago, baina proiektuak nolabaiteko heldutasuna lortzen duenean, pausoa eman izanak merezi duela aise ohartuko gara:
(1) Ezer baino lehen, estatutu batzuk idatzi behar dira. Horrek ez luke denbora gehiegi beharko gida honetako atal guztiak landu badira. Agian konplexua da erabili beharreko hizkuntza teknikoagatik, baina Interneten beste elkarte batzuen estatutuak adibide gisa erabil daitezke.
(2) Estatutuak sortu ondoren, sortze-akta bat egin behar da, eta, bertan, elkarteko zuzendaritza-batzordeko kideek (gutxienez hiruk) idatziz utzi behar dituzte organigrama eta estatutuen onarpena.
(3) Hirugarrenik, tasa bat ordaindu eta dagokion elkarteen erregistroan izena eman behar da, eta dena ondo badago, aste edo hilabete batzuk igaro ondoren baieztapena jasoko da!
Elkartea sortu ondoren, urtero bete behar diren erantzukizunak daude oraindik. Horien artean, urteko aurrekontua prestatu behar da, kontuen jarraipena egin, ohiko batzar orokorra deitu, akta-liburua eta bazkideen liburua eguneratu, zuzendaritza-batzordea berritu, esaterako. Lasai, iritsiko da garaia horretaz guztiaz arduratzeko!
Gida ixteko, hurrengo atalean erabilgarri izatea espero ditugun erakundeak eta bibliografia dituzu.